You are using an outdated browser

In order to deliver the greatest experience to our visitors we use cutting edge web development techniques that require a modern browser. To view this page please use Google Chrome, Mozilla Firefox or Internet Explorer 11 or greater

Erakusketa

2017(e)ko uztailak 14 – 2017(e)ko urriak 22

Ezin izan nion sekula ihes egin Alemaniari, ez alemaniarra izateari ere

Georg Baselitz

1965/66 urteetan, Georg Baselitzek 60 margolan eta 130 marrazki egin zituen, gutxi gorabehera; artearen historian Heroien margolanak edo Tipo berriak izenez ezagutzen da lan-multzo hori. Irudi itzel baina nabarmenki distortsionatu horiek erakusten dituzten obrek aparteko tentsioa daukate: bortizkeria eta malenkoniaren artekoa, handitasun eta asalduraren artekoa. Gizon bakartiak dira, suntsituta daudelako itxura duten paisaien baitan. Zaurituta edo zaurgarri ageri dira, uniforme hondatuak soinean eta modu errepikakorrean agertzen diren objektuak inguruan; azken horien artean, margolariari dagozkion tresnak edo tortura-erramintak aurki ditzakegu. Irudikapen horietan, Baselitzek gizartearen baitan norbanako gisa zuen papera esploratu zuen, bai eta margolari moduan izandako garapena ere; modu horretan, bere esperientzia pertsonala eta izandako bizipen artistiko eta literarioak lotzen zituen.

Lurjota eta malenkoniatsu agertzen zaizkigun Heroiak edo Tipoak 27 urte zituela egin zituen Baselitzek, eta lan horiekin modu kontzientean egin zion desafio edozein sailkapen politiko edo artistikori, garai hartako sistema sozial, politiko edo artistikoekin batzeari uko eginez. Gerra Hotzean zehar, konnotazio dogmatiko edo ideologikoak zituen edozein estilorekin lotu zezaten gaitzetsi zuen, hala nola, “nazioarteko” abstrakzioarekin edo errealismo “sozialistarekin”. Funtsean eszeptikoa zen jarrerarekin, agerian jarri zituen bere garaiaren eta oraindik prozesatzeke zegoen iraganaren alderdi anbibalenteak. Artistak alegiazko errealitate bat irudikatzen zuen barne-beharretik sortzen zen jarrera bati jarraiki, eta Alemaniako mirari ekonomikoaren testuinguruan deserosoa suertatzen zen hori.

Remix margolan berriagoetan, Baselitz bere historiako alderdirik probokatzaileenetara itzultzen da —Gaualdi handia zapuztu zen edo Adiskide handiak lanetara, adibidez—, eta horien bertsio berriak edo interpretazioak egiten ditu, denboraren joateak ematen duen ikuspegiarekin. Handiagoak dira, eta aise eta azkar margotuta daude; mihise zuria zeharkatzen duten zerrenda distiratsu eta garden handiak dituzte, bai eta lerro oldarkor eta sigi-sagatsuak ere. Remix margolanak ilun eta itzaliagoak ziren aurrekarien eraldaketa erradikalak dira, karikaturaren eta mamu-itxurako zerbaiten erdibidean. Era berean, obra horiek gauzatzeko erabilitako bat-batekotasunak iraganeko, orainaldiko eta etorkizuneko gaien presentzia iradokitzen du, apika. Lan horiek hobetu, argitu eta gaurkotzeko artistak egindako ahalegina agerikoa den arren, Remix margolanen mamu-itxurako ezaugarri iragankorrak beste zerbait ere uzten du agerian: artista baten nagusiaroko hausnarketak, denboraren, presentziaren, porrotaren eta aukeraren inguruan.

Gaur egun oraindik ere, hautematen da Georg Baselitzek betiereko hizkuntza formal bat aurkitu duela bere jarrera adierazi eta ezegonkortasunak markatutako garaian bere burua berresteko.

Frankfurteko Städel Museum-ek antolatu du erakusketa Guggenheim Bilbao Museoarekin lankidetzan

Matxinoa, 1965

Artista eta gizona zen aldetik, Georg Baselitzek ondo zekien nolakoa zen bizitza Gerra Hotzaren testuinguru larrian. 1965ean, 27 urte zituela, abstraktua eta figuratiboa zenaren artean bere leku propioa bilatzen saiatu zen. Garai hura gogoan, honakoa esan zuen artista alemaniarrak:

Zalantzarik gabe, haserre zegoen artista nintzen: haserre bizian zegoen gaztea, gertatzen zenarekin, gertatzen zen guztiarekin ados ez zegoena. Bake eta armonia irrika handia sentitzen nuen, izan ere, emaztea eta bi seme nituen. Armonia behar hori zapuztu egiten zen beti, bai nigan eta besteengan, beraz barne-mundu bat sortzen saiatu nintzen. "Hau da benetako artearen mundua" esateko moduko mundu bat, hain zuzen ere. Eta garai horri buruz hausnartuz gero, artistak libreagoak ziren, orain baino isolatuagoak zeuden eta publikoaren arreta gutxiago jasotzen zuten (garai hartan ez baitzegoen inolako merkatu artistikorik, ez zegoen enkanterik eta oso erakusketa gutxi egiten ziren, oso garai zaila zen artistentzat); beraz, hobeto uler daiteke nola gertatu zen dena. 

Baina, egia da, nire ideia joera nagusien kontrako zerbait egitea izan zela beti, eta orain ez naiz gai kontra-egote hori hobeto formulatzeko. Denaren kontra nengoen, printzipioengatik. Normalean nerabe edo aurre-nerabe jarrera da hori, ez 25 urteko artista batena, horretarako 15 edo 18 urte eduki behar dira. Baina nire kasuan, aitortu behar dut nerabezaroa denbora luzez luzatu zitzaidala. Eta, hala ere, pintura hauek ezusteko elementu mantentzen dutela garbi dago, baita niretzat ere, denbora eta hamarkada askotan zehar. Horregatik uste dut interesgarriak direla eta erakusgai egon behar dute, inondik ere. Ez gertaera historiko gisa, baizik eta biografia gisa, eboluzionatu egin dudalako eta orain gauza desberdinak egiten ditudalako. Eta seguru nago ezagutzen nauen jende askok inoiz ez nindukeela koadro mota hauekin erlazionatuko, beraientzako "hankaz gora" dauden obra horien artista naizelako, edo txorien artista... edo nik zer dakit. Beraz, gaur egun ere, badaude pintura hauen alderdi asko-askori buruzko galderak erantzunik gabe.

Blokeatutako margolaria (Versperrter Maler), 1965

Serie honetako irudi gehienek uniformea daramate. Uniformez jantzita doan pertsona bat bere indibidualtasuna ukatzen egon daiteke, baina aldi berean, erakunde edo elkarte bateko kide dela ere adierazten du, eta horrela, beren gizarte-maila erakutsi dezake publikoki. Baina hemen ez: serie honetan arrasto horiek desagertu egiten dira higatutako uniformeekin, eta ageriko narriadura horrek uniformeek iradokitzen duten berdintasun eta komunitate babesle bateko kide izatearen ideala iraultzen laguntzen du. Hala ere, Baselitzen uniformeak ez datoz irudimenetik: benetako ereduetan oinarritzen dira. 

Ondoren modan jarri zen, behar bada modu obsesiboan, arropa militarra eramatea, ez bakarrik Alemanian, baita Frantzian ere; izan ere, uniformeak Alemanian erosten genituen... ez, barkatu, Frantzian. "Look militarra" zen eta Parisko azoka txikian, benetan, bigarren eskuko uniforme ugari zeuden. Eta emakume guztiak, neurea barne, eta gizon guztiak hara joaten ginen, gauza horiek erosi eta soinean janzten genituen. Beraz Berlinen moda jarraitu nahi bazenuen, militar gisa janzten zinen, batez ere AEBko armadako uniformeekin, Koreako edo Vietnameko gerrakoak. Baina nik ez nekien hori obrak margotu nituenean. Esaten dute artistek badutela ameslari kutsua, nik sumatu nuen horrelako zerbait gertatuko zela. Egia esan, aipatu ditudan liburuak literalki interpretatuz, Errusiako Armada zuriarenak ziren, Armada gorri sobietarrarenak, "armada berdea" zelakoa, basoetan bizi ziren partisauenak, etab. Eta guztiek, gutxienez, eskumuturreko militarrak erabiltzen zituzten, uniformeren bat lortzen ez bazuten. Ez ziren Gabriele D'Annunzio erako fantasiazko uniformeak, baizik eta ehunka, milaka aldiz fabrikatutako arropak, tropen tamainaren arabera. Eta uniformeen kolorea hauts-grisa edo arratoi-grisa izenekin ezagutzen dena da, edo marroi-okre antzerako bat, koadroetan gama horiek agertzen dira beti. Margotzen nituen irudi guztietan deigarria da, azken finean, ematen duela ez daramatela benetako uniformerik soinean. Ez: uniformeak zarpailez eginda daude, urratutako ehunarekin, galtzak hautsita eta askotan erortzekotan... elementu horiek guztiek zorigaitz egoera nabarmena irudikatzen dute. 

Eta zorigaitz hori koadro guztian antzematen da. Elementu guztiak suntsipenarekin lotuta daude: zuhaitzak suntsituta daude, etxeak suntsituta daude, landak suntsituta, objektuak ere suntsituta. Egia esan, ezer ez dago egoera onean.

Bonjour Monsieur Courbert, 1965

Gainontzeko pertsonaiekin loturarik ez duela badirudi ere, Baselitzek askotan sartzen du pintorea bere heroien artean. Oraingo honetan izenburuaren bidez iradokitzen digu gaia, XIX. mendeko Gustave Courbet pintore errealista frantsesa aipatzen baitu. 

Hala, obra horiekin Baselitzek bere egoera pertsonalaren gainean eta pinturan duen eginkizun eta ekarpenaren inguruan hausnartu dezake.  

Munduko beste leku batean jaiotako beste pertsona bat izango banintz, seguruenik irudi alaiagoak sortzeko gai izango nintzateke. 


Baina pintore moduan duen kontzientzia ez du eragina soilik gaiak aukeratzerakoan; aitzitik, horiek garatzeko moduan ere erabateko garrantzia du. Honela azaldu zuen:

Artista alemaniarra naiz. Egiten dudana Alemaniako tradizioan sustraitzen da. Zatarra eta espresiboa da. 


Agerikoa da bere heroiek Espresionismoarekin duten lotura. Pertsonaiek ez dute idealizatutako proportzio armoniatsurik, eta Baselitzek desproportzio hori bilatzen du emoziozko erantzunak sortzeko. Era berean, emozio horiek berak pintzelkada grinatsuaren bidez iradokitzen dira: materiaz kargatutako pintzelkadak eta mugimendu propioa dutenak.

Pintura hautsiak

Georg Baselitzek 1966an margotu zituen lehen Pintura hautsiak, Heroien gaiaren jarraipen gisa. Sail berriago horretan, artistak mihisea bizpahiru zerrenda horizontaletan banatzen zuen, eta gorputz-atal bereiziak margotzen zituen. Elkarrekiko lotura badute ere, atalak ez dira irudi kohesionatu bat egiteko batzen. Baselitzek hau esan du gai honi buruz:  

Modu inkontziente, grinatsu eta erabat emozionalean sortu nuen zerbait moldatu edo ordenatzen saiatu naiz. Oraindik ere horretan nabil. Nire ustez, pertsonarik ordenatuenak kontularitza daramatenak dira. Batuketak egin, lerroa marraztuz, zenbakiak goiko aldean idatzi eta emaitza beheko aldean islatzen dute. Ordenatua izatea zoragarria dela uste dut. Izaera hori nire margolanetara ekartzen saiatu naiz. Hori bai, posible da mihise handi batean lan egitea, nahi izanez gero, eta goiko aldetik hastea edo behetik, hori bada nahi duguna. Normalean, goitik hasten da bat, gero geldiune bat dago, eta berriz hasten zara. Goiko aldea memorian geratzen da, baina norberak ez daki zehatz-mehatz non geratu den, baina badaki nondik hasi berriz. Beraz geroratu egin da; eta hori guztia, berariaz eginda.

Remix

Georg Baselitzek 2005ean hasi zuen pintura-sail bat biltzen du Remix sailak, eta aurreko lan batzuetara itzuli zen bertan. Erakusketak jarraitasun-lerro ideal bat marrazten du iraganaren eta orainaldiaren artean, eta 2007 eta 2008ko Remix zikloko pinturen hautaketa bat hartzen du bere baitan, 1965 eta 1966ko Heroiak eta Tipo berriak sailen berrinterpretazioa, alegia. 

Remix seriean Baselitzek Gaualdi handia zapuztu zen eta Adiskide handiak bezalako lanetan agertzen diren bere ibilbideko aspektu probokatzaileenak berrikusten ditu; halaber, esperientziak ematen duen abantailaren kutsua duten bertsio edo interpretazio berriak proposatzen ditu. Remix osatzen duten pinturak handiagoak eta azkar margotuak dira, mihise zuria zeharkatzen duten ñabardura distiratsu eta gardendun zerrenda handiekin eta lerro harrigarri eta okerrekin, eta astunagoak eta ilunagoak ziren haien aurrekariekiko erabateko transformazioa suposatzen dute. Figurak karikaturaren eta mamuen agerraldien tarteko zerbait dirudite; era berean, zikloko lanak gauzatzeko erabilitako espontaneotasunak iraganeko, orainaldiko eta etorkizuneko zatiak iradokitzen dituela dirudi. Agerikoa da pintoreak 1960ko hamarkadako lan horiek argitzeko eta eguneratzeko duen grina; halere, lan horien ezaugarri kezkagarri eta iragankorrak artista heldu batek denborari, orainari, porrotari eta horrek ekar litzakeen aukerei buruz egindako hausnarketetatik ere badatoz. Baselitzek adierazi duenez: 

“Gustuko dut ‘remix’ hitza, gazteen kulturatik datorrelako”. 


Paralelismoak egon arren, badaude desberdintasunak pintura-ziklo honen eta aurreko seriearen artean. Agerikoena gama kromatikoa da. Heroiak seriea menperatzen zuten lur-koloreen ordez, lan hauetan kolore hotz eta kartsuak gailentzen dira. Gainera, artistak mihisearen kolore zuriarekin are nabarmenago jokatzen du espazioaren ukapena iradokitzeko, pertsonaiak narraziotik kanpo kokatzeko. Eta hasierako heroien trinkotasunarekin kontrajarriz, oraingo hauek pintzelkada arin eta kementsuekin ebatzi, eta dinamismo sentsazio handiagoa iradokitzen du. Artistak berak azaldu zuen Remix seriearekin egin nahi zuena: 

Musika herrikoia nahasten baduzu, erritmoa edo soinua aldatzen baduzu... egiten duzuna guztiz desberdina da. Asko hausnartu dut egiten dudana nola izendatu. Gustuko dut “remix”, hitza gazteen kulturatik datorrelako.

Cookien erabilera

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure cookien politika orrialdean